Sailkapena: aho biko ezpata

 

Gaur egun, inor gutxi ausartzen da generoa sozialki eraikia dela ukatzera, publikoki, bederen. Sexu orientazioari buruz ere politikoki zuzena eta sozialki onartua den diskurtsoa hedatu xamar dago; jatorri biologikoa edo genetikoa aurkitzeko ahaleginak aspaldiko kontuak iruditzen zaizkigu. Beste kasu batzuetan, haatik, oraindik ere, kosta egiten zaigu biologikoa edota eraikuntza soziala denaren arteko eztabaida ebaztea edo eztabaida dagoenik ere ohartzea: sexua, giza-arraza eta buruko gaixotasunak dira adibiderik esanguratsuenak. Era berean, ez gara gai oinarrian dagoen arazoaz jabetzeko: gizakiok mundua eta munduko objektu oro sailkatzeko dugun joera, kasik behartzat har daitekeena. Horretan, ikuspegi zientifikotik egindako banaketa zein multzokatzeek erabateko zilegitasuna dute gure gizartean eta, are, iritzi biologizistak hauspotu izan ditu askotan, nahita ala nahi gabe (negazionismoaren berrindartzeak hau ere zalantzan jartzen duen arren). Baina, zein esanahi du objektu bat sailkatzeak edota, zehatzagoak izanda, zertarako balio dute zientziek (gizarte nahiz natura arlokoek) sistematizatzen dituzten taldekatzeek? Nora garamatza giza-ezaugarri bat biologikoa edo sozialki eraikia dela argudiatzeak? Zer da, herritarron begietara, zientziak horretaz zabaldu behar lukeena?



Ezer baino lehen, sailkapenak berak dakartzan ondorioei buruz Ian Hacking filosofo kanadarrak esandakoak (Hakcing, 2001) gogora ekartzea komeni zaigu, gauza bat mota batekotzat ala bestekotzat jotzeak zer esan nahi duen argitzeko. Izan ere, hainbat motatako arrazak ezagutzen ditugula uste dugu edota buruko gaitz motak jasotzeko gidaliburuak erabiltzen dira osasungintzan, adibide bi jartzearren. Ildo horretan, Hackingek bi eratako motak bereizten ditu: batetik, mota aldaezinak daude, horrela izendatzeak sailkatutako objektuan aldaketarik eragiten ez dutenak; eta, bestetik, mota elkarreragileak dira izendapenak berak izendatuaren izaera baldintzatzen dutenak. Beste era batera esanda, mota aldaezinek zerbait behin betiko sailkatzea dute helburu eta natur zientzietan erabiltzen dira gehien bat (bizidunen 5 erreinuak, espezieak, patologiak…). Aldiz, mota elkarreragileak etengabe alda daitezkeen ezaugarrietan oinarritzen dira eta giza-zientziei dagozkie, batik bat (portaera patroiak, izaeraren asaldurak…). Azken hauen kasuan, beraz, sailkapenak eragin zuzena eta alde askotarikoa dauka sailkatutako – demagun- pertsonarengan: mota horretakoa izateaz jabetzen denak eskura dauka horri aurre egitea kontzientzia hartzen duenean, egozten zaizkion ezaugarriak aldakorrak dira testuinguruaren (edo ezarritako praktika nahiz neurrien) arabera eta, gainera, sailkapena bera ere moldatu egin beharko da pertsona horien jokabideak aldatzen diren heinean. Hala, buklean sar gaitezke. Hori gutxi balitz, posible da mota biek batera jardutea: patologien oinarri molekular eta genetikoan gehiago ikertu ahala, ohikoagoa izango da mota aldaezinak (naturalak, biologikoak) izendatzeko joera nagusitzea, berez, mota elkarreragileak (erakiak, sozialak) diruditen ezaugarrientzat. Buruko gaixotasunentzat edo portaeraren zein izaeraren asaldurentzat, berebiziko garrantzia du horrek: askotan, modu batera edo bestera sailkatzeak ondorio materialak dituelako, ez soilik pertsonaren kontzientzian, baizik eta proposatuko zaion tratamenduan, eskainiko zaizkion baliabideetan eta gizartearengandik jasoko duen tratuan.

Gai horri jarraiki, sailkapenak dituen ondorio sozialak eta horiek sailkatutakoen bizi-baldintzen hobetzean duten eraginaz idatzi izan du Esa Díaz-Leon filosofoak; zehazki, eraikuntza sozialaren esanahiaz (Díaz-Leon, 2013). Bere arabera, lehenik, eraikuntza soziala bi modutakoa izan daiteke: kausazkoa edo izatezkoa (constitutive jatorrizko testuan). Izatez eraikiak dira senarra izatea edota emakumea izatea bera; gizarte praktika eta arau jakin batzuk gabe ezin direlako izate gisa ulertu. Kausaz eraikiak dira, ostera, giza-faktoreak dituztenak beraien edo bere ezaugarri batzuen oinarrian; esaterako, erlojua. Bereizketa horretan, Diaz-Leonentzat izatezko eraikuntza sozialak dira esanguratsuenak, aldagarriak eta eraldatzaileak izan daitezkeen neurrian, eraldaketa sozialaren ikuspegitik. Gainera, horrek esan nahi du zenbait ezaugarri ez direla ezinbestekoak edo saihestezinak: posible izateaz gain, zilegi da mota batekoa ala bestekoa izateko irizpideak eraldatzea. Ezaugarriez ari garelarik, baina, beste bereizketa bat egiteko beharra azaleratzen da: berezkoak (intrintsekoak) eta harremandutakoak (erlazionalak). Zerbaiten ezaugarri bat intrintsekoa izango da soilik baldin eta, bikoiztuko balitz, bere kopiak ezaugarri hori bera izango balu (tatuaje bat, altuera jakin bat…); aldiz, ezaugarri erlazionala izango da gizartearen jardunak edota komunitateko praktikek eragiten baldin badute. Hori hala izanda, baliteke kausazko eraikuntzak berezko ezaugarriekin lotuta ez egotea, izatezko eraikuntza sozialak beti ezaugarri erlazionaletan oinarrituko diren bitartean. Horrela, azken ezaugarri horien eraldaketan – kanpotik jarritako ezaugarrietan, beste era batera esatearren- dago gakoa, beste behin ere. Bidenabar, horrek guztiak eraikitakoaren eta biologikoki errealaren arteko bereizketaren funtsa argitzeko balio du: eraikuntza sozialek zenbait ezaugarri biologiko baldintza ditzakete eta bi izateak bateragarriak izan daitezke, eraikuntza horiek kausazkoak direnean, behintzat. Berezko eraikuntza sozialaz ari garenean, orduan bai, esentzialismo biologikoa errefusatzea besterik ez dagokigu.



Edozein kasutan, orain arte azaldutakoaren balioa teoriatik harago doa eta funtsezkoa da hasieran plazaratutako galderei erantzuten saiatzeko. Ikusi dugu, giza-zientzien arloan bereziki, pertsonen ezaugarriekin lotutako sailkapenek eragina dutela, bai pertsona horiengan, bai gizartean bertan. Alabaina, eztaibada korapilatsuagoa da hala izaeraren eta portaeraren asalduretan, nola autismoa eta TDAH (Arreta Gutxiegitasunaren eta Hiperaktibitatearen Nahasmendua) gisako nashasmenduen kasuan. Gehiegizko patologizazioa salatzen dutenek, esaterako, mesfidati begiratzen diete oinarri genetikoa edo molekularra bilatzeko ahaleginei eta buruko gaitzen nazioarteko gidaliburuetan jasotzearen beharra auzitan jartzen dute. Zientzialari zenbaitek, kontrara, neuropatologietan ikertzeari garrantzia eman eta, faktore sozialen garrantzia gutxietsi ez arren, tratamendu kimikoetan jartzen dute esperantza, medikuntzaren zilegitasuna zalantzan jartzeko arriskuaren beldur, agian. DSM deritzon gidaliburuan sailkatua egoteak baditu ondorio batzuk, jakina, osasun-sistema gehienetan artatuak izateko kodifikazioa ezinbesteko baldintza den unetik bertatik; hala ere, buruko-gaixotasun motak barnebiltzen dituen sailkapenak eztabadaida piz dezake pertsona horiekiko arretan (hitzaren adiera mediko zein sozialean) eta, are gehiago, baliteke ezaugarritze horrek pertsona horien ahalduntzea oztopatzea: eraikitako propietate bat dela ukatzeak (edo bere garrantzia murrizteak), nolabait, eraldaketa sozialerako aukera mugatzea dakar pertsona horientzat. Adibide honek, gainera, berdin balio dezake antzeko beste kasu batzuetarako. Sexu bereizketaren gaian ere ugaritzen ari dira eraikuntza sozialaren eta giza-faktoreen eraginean sakontzen duten diskurtsoak eta ikerketak: pertsona intersexualen bizipenak ardatz dituen “La rebelión de las hienas” liburuak ezin hobeto bistaratzen eta fokatzen du gaia (Mer Gómez, 2022), gizon-emakume banaketa biologikoa – sexu organoetara mugatua, sarritan- zalantzan jartzen ez dutenentzat argigarria izan daitekeen eran.



Funtsean, gizakiaren ezaugarriak sailkatzeko saiakera orok erakutsiko du, berandu baino lehen, ikuspegi biologikoaren eta eraikuntza sozialaren teoriaren arteko talka hori. Ezaugarri biologikoak – edo genetikoak, gaur egun- arrazoi eztabaidaezintzat hartu ohi dira sailkapenak egiterakoan, motibo zientifikoez harago doazen ondorioekin: arrazarekin lotutako politika publikoak dira adibiderik argiena. Arantza Etxeberria filosofoak Radio Euskadiko “Hágase la luz” saioan azaltzen duen bezala, arrazak biologikoak ez direla aldarrikatzeak eta sozialki eraikitako kategoriak direla ikusarazteak berehalako eragina dauka arrazismoan edota arraza bera ulertzeko moduan. Alabaina, badira arrazen arteko ezberdintasun genetikoak nabarmentzen dituzten ikerlariak, eta ez soilik morfologiari erreparatuta, modu sotilagoan baizik: asiarren alkohola metabolizatzeko entzima baten gabezia dutela erakusten da farmazia fakultateetan eta zenbait gaitz (anemia faltziformea, esaterako) pertsona afrikarren berezkotzat jotzen ditu medikuntzak. Halako baieztapenek, zalantzak jar dezakete eraikuntza sozialaren kontzeptua, kausa biologiko bat arraza jakin bati esleitzen baitzaio; dena den, zehaztea komeni da arraza batekoa eta antzekotasunak dituen giza-taldeko parte izatea ez direla gauza bera. Eta arrazaz aparte, amaitzeko, gaixotasunekin ere konplexuagoa da diogun guztia, batez ere buruko gaitzentzat. Silvia Federici italiar pentsalariak, “Larruazalaren periferiaz haraindi” (Katakrak, 2021) liburuan, psikologiak eta psikiatriak bultzatutako sailkapenek boterearen eta diziplina kapitalistaren beharren mesedetara hasupotutako ikerketa zein diagnostikoak kritikatzen ditu, egun, medikuntza-teknika modernoekin justifikatzen direnak. Arestian zeharka erakutsi legez, gatazkaren muina sailkapenaren erabileran dago, bere zentzu semantiko hutsean bainoago.



Ondorioz, munduko fenomenoak eta objektuak sailkatzea uste duguna baino gai gatazkatsuagoa da. Zientziek eskaintzen dizkiguten tresnen bidez, ezaugarriak bereizi eta taldeak eratzeak asko errazten du gure bizimodua, norbanako zein gizarte gisa: horrek eragina dauka gizakion arteko harremanetan, gure ongizatean, gizarte-politiketan, hezkuntzan, aplikatzen diren neurri ekonomikoetan eta bizitzaren gainontzeko arlo guztietan. Gizakioi eragiten diguten sailkapenetan, izan sexu, genero, arraza edo gaixotasunei dagozkienetan, ikuspegi esentzialistek (ezaugarrien nolakotasun naturalaren defendatzaileek) mesede baino kalte egiten dutela erakutsi izan digu historiak, eta gaur egun ere hala gertatzen da. Arrisku hori areagotzen doa, gainera, biologia molekularraren eta genetikaren garapenarekin. Hala ere, sailkatzeko beharrak hor jarraitzen du, oraindik ere, eta aipatutako arloetan emandako aurrerapausoek kontraesan berriak azalerazten dituzte: depresioaren izaera soziala lehenesten duen tratamendua garestiagoa da bere oinarri molekularrean eragiten duten botikak hartzea baino; baina bat edo beste aukeratzea ez litzateke posible gaitza gaixotasun gisa kodetu – sailkatu- gabe (aukeratzea posible dutenentzat, behinik behin). Azken finean, eraikuntza sozialak eta sailkapen moten auziaz jabetzeak ez gaitu behin betiko ondorio argi batera eramango, akaso. Edonola ere, mundua, gizartea edota gure bizitzak hobetzeko ezinbestekoa da sailkatzeko jardunaz hausnartzea; baldin eta sailkatutako egitateen (gu geu barne) baldintzak eraldatuko badira eta eztabiada antzuetan tematzea saihestuko badugu,



BIBLIOGRAFIA:


Díaz-León, Esa. (2013). What is social construction? European Journal of Philosofy.

Internet iturria: https://www.ehu.eus/ehusfera/fcv/files/2017/02/Diaz-Leon-2015-European_Journal_of_Philosophy.pdf


Etxebarria, Arantza. (2018). Las razas no son naturales. Programa de radio “Hágase la luz”. Radio Euskadi.

Internet iturria: https://www.eitb.eus/es/radio/radio-euskadi/programas/hagase-la-luz/audios/detalle/5544005/audio-las-razas-no-son-naturales-radio-euskadi/


Federici, Silvia. (2021). Larruazalaren periferiaz haraindi. Katakrak liburuak.


Gómez, Mer. (2022). La rebelión de las hienas. Relatos corporales de personas intersex. Bellaterra edicions.


Hacking, Ian. (2001). ¿Construcción social de qué? Editorial Paidos Ibérica. Locura: ¿Biológica o construida?

Internet iturria: https://miaulario.unavarra.es/access/content/group/16da6e07-df25-4f00-b026-e716aba85f7a/Documentaci%C3%B3n/MC2_Arantzazu%20Etxeberria/Clase%209/clase9.Hacking.pdf

Comentarios

Entradas populares de este blog

Las piedras jade: fragmentos de una historia completa

¿Cosmos es posible?

Crítica a la ciencia desde el feminismo: una cuestión sobre el contenido y la forma