GENERO IKUSPEGIAREN ERAGINA EZAGUTZA ZIENTIFIKOAN
Balio ez epistemikoek jarduera zientifikoan eta ezagutzaren eraikuntzan duten eraginaz hitz egiterakoan, abstrakzioan edo ariketa teoriko hutsetan gelditzeko arriskua izan dezakegu. Haatik, badira konkretura jo eta problematika zehatzetan arreta jartzeko aski motibo eta eredu; generoaren afera da horietariko bat. Genero-ikuspegia txertatuta dago gizartearen hainbat arlotan eta askoren egunerokoan, baina merezi du zientzian horrek duen esanguraz – eta esanahiaz beraz- hasunartzea. Horretarako, beharrezkoa da berdintasun edo parekidetasun terminoetan soilik hitz egitea saihestu eta begirada zabaltzea. Analisirik oinarrizkoenean, gauza jakina da historikoki emakumeek jasandako bazterkeria hori ezagutza zientifikoen arloan ere gertatu dela. Emakumearen ahotsari eta gorputzari ez zaio erdigunean egotea onartu izan, Mary Beard historialari eta dibulgatzaileak argi erakusten duen moduan. Aintzinatik gaur egunera, aro klasikoan zein birsorkunde garaian, zerrenda luzea egin daiteke j...