Sailkapena: aho biko ezpata
Gaur egun, inor gutxi ausartzen da generoa sozialki eraikia dela ukatzera, publikoki, bederen. Sexu orientazioari buruz ere politikoki zuzena eta sozialki onartua den diskurtsoa hedatu xamar dago; jatorri biologikoa edo genetikoa aurkitzeko ahaleginak aspaldiko kontuak iruditzen zaizkigu. Beste kasu batzuetan, haatik, oraindik ere, kosta egiten zaigu biologikoa edota eraikuntza soziala denaren arteko eztabaida ebaztea edo eztabaida dagoenik ere ohartzea: sexua, giza-arraza eta buruko gaixotasunak dira adibiderik esanguratsuenak. Era berean, ez gara gai oinarrian dagoen arazoaz jabetzeko: gizakiok mundua eta munduko objektu oro sailkatzeko dugun joera, kasik behartzat har daitekeena. Horretan, ikuspegi zientifikotik egindako banaketa zein multzokatzeek erabateko zilegitasuna dute gure gizartean eta, are, iritzi biologizistak hauspotu izan ditu askotan, nahita ala nahi gabe (negazionismoaren berrindartzeak hau ere zalantzan jartzen duen arren). Baina, zein esanahi du objektu bat s...