BALIO EPISTEMIKOEKIKO INDIFERENTZIA PANDEMIA GARAIAN
Pandemiak utzitako ajeak askotariko adierazpenak ditu, oraindik. Osasun-krisiaren beraren ondorioez harago, sakona da norbanakoengan zein gizartean utzitako arrastoa. Hainbestekoa, non eta atzera begiratzeak berak ezinegona edo nagikeria eragiten baitigu. Hala ere, zientziaren ikuspuntutik, badira ariketa hori beharrezkoa dela uste izateko zenbait arrazoi: dibulgazio zientifikoa erakuslehioaren lehen lerrora igaro da eta badirudi, neurri batean, gelditzeko dela; edota ezagutza zientifikoaren aukera eta arriskuak inoiz baino ageriago daude egun. Laburtuta, zientziarekiko ikuspegia erabat aldatu da 2020ko martxoaz geroztik; kontua da, ea ikuspegi horren fokua egoki bideratu den eta ertz guztiak bistaratzeko gai izan ote garen.
Are, badira gizartea bera ere errotik aldatu dela diotenak, eta ez zaie arrazoirik falta, akaso. Postegiaren garaietan bizi garela entzuten dugun honetan, kontzeptu horrek adierazten duena definitzea lagungarria izan daiteke. Horretarako, Agustin Arrietak darabilen “aterkiaren metafora” baliatuz, fenomeno asko barnebiltzeko modutzat hartu behar genuke: fake newsak, berritsukeria, zinismoa, iruzurra, manipulazioa, negazionismoa… Iritzi publikoan (eta norbanakoetan) egia posizioz aldatu da edo, bederen, esanahi lausoagoz azaltzen da: orohar, egiarekiko indiferentzia da nagusi, Maite Zubia filosofoak ezin hobeto dioen gisan. “Bakoitzak bere egia du” esaera zaharra muturrera eramaten lagundu du pandemiak, ardura banakakoan jartzera tematu izanaren beste albo-ondorio bat izan daitekeena, agian. Norbere iritzia berresten duten egitate edo gertaerak erabiltzen dira, hala egiten ez dutenak erabat baztertuta (McIntyre, 2017). Ziur aski, eszenatoki horretan kokatu gaituena ez da soilik Covid-19a izan, baina ohar gaitezen: ezagutza zientifikoak erabaki politikoetan eta, beraz, gizartean inoizko pisurik handiena izan duen aroan, ez al da ulergarria zientzia bestelako balio batzuekin lotzea? Esan nahi da, jende arruntaren begietara, jakintza zientifikoak egunerekoan pairatutako neurrien oinarri izan direlarik, ez da harritzekoa arrazoiketa eta ezagutza oro zalantzan jartzeko joerak nagusitzea.
Izan ere, ohiko eztabaidetan termino horiekin aritzen ez bagara ere, zientziaren balio epistemikoetatik urruntzeko nahikoa motibo izan ditugulakoan nago. Edo, behintzat, batzuetan, zientziarengan eragina duten ezaugarri jakin atzuetan baino ez da jarri arreta: instituzio politikoen erabilera interesatua, ezagutza izkutatu edo apaindu – makillatu- zaigunaren sentipena, interes ekonomikoen esku-hartzea zientzialariek aholkatutako neurrietan… bestela ere alorra urrun izan ohi duenarentzat, horiek dira eztabaidarako eta iritzia sortzeko eskura dituen heldulekuak, azken batean. Ondorioz, balio epistemikoez ahaztea bainoago, eztabaida publikoa balio ez-epistemiko deritzegunen inguruan ardaztu da, hain zuzen ere, balio horiek epaitzeko gai direlako herritarrik gehienak, zientziaren sozializazioa – nolabait esatearren- baldintza horietan eman den heinean. Hala, jarrera negazionistek sekulako gorakada izan dutenaren susmoak baditu oinarriak; jokabide horien benetako neurri kuantitatiboari ordez irismenari erreparatzean dago gakoa. Pandemia garaian inoiz ez bezala ikusi ditugu inguru hurbilekoak zientzialarien mezuak gutxiesten edo, are gehiago, birusa eta epidemia bera zalantzan jartzen. Ohartzerako, mundu lauan sinisten dutenez barre egitetik, ondokoaren itsukeriaren aurrean amorratzera igaro gara. Hala ere, esango nuke gutxi aztertu dugula fenomeno horren garrantzia gurean eta errazegi ikasi dugula negazionista kontzeptua irain gisa erabiltzen, atzean dakarren itzalari begiratu gabe.
McIntyrek (2020) argi azaltzen duen moduan, negazionismoa uste duguna baino konplexuagoa da: alde batetik, jarrera eszeptikoak muturrera eramatearen ondorio izan daiteke, baina, bestetik, lotuta dago ideia “berriekiko” jarrera irekiegia edo sinesberegia izatearekin ere. Konspirazio teoriekin antzekotasunak dituen fenomenoarentzat, pandemiaren osagaiak ezin egokiagoak izan dira eta batzuek hor aurkitu dute haien ezinegonak arrazoitzeko modua. Beste behin, badirudi zenbaitzuek egia absolutua ukatzea parekatu dutela egiaren itxura izan dezakeen edozein baieztapen errefuxatzearekin: ziurtasun horren aterkipean, ñabardurentzat tokirik gabe, zientzia ustez orojakileari aurre egiteko talaia oso bat eraiki da, bertara igo eta azpian ikusten duen oro kritikatu nahi izan duenarentzat. Kontrara, zientzia erabateko ziurtasunarekin lotzeko nahia hauspotu da erreakzio gisa, berez, zientzia ziurgabetasuna kudeatu eta usteei oinarriak bilatzeko ariketa gisa ulertarazi beharrean. Nork bere gotorlekua babesteko behar horrek marjina gutxi utzi du lubakietatik atera eta eztabaidarako guda-zelai egokia marrazteko. Taldearen babesa eta biziraupen inbiduala, horra hor zientziak ordezkatzen duen edozein gauza mespretxatzera eraman zaitzaketen bi arrazoi. Izan ere, zein ebidentziari erreparatuko diozu, zer nolako datuei kasu egingo diezu edo norekin eztabaidatuko duzu, zientzia bera bada osotasunean gutxiesten duzuna, ideologiak gain hartzen dizula ohartzen ez zaren bitartean?
Azken finean, Arendtek zioen bezala, ezagutzaren eta iritziaren arteko muga da lausotu dena. Alabaina, errudunak bilatzerakoan, alperrik da kritikak alderdi bakar batera zuzentzea. Ustez ongiaren aldean daudenek ere ezin esan beti lagundu izan dutenik; sare sozialetan gertatzen dena da horren adibideetako bat. Ezagutza zientifikoarekin lotutako gaiak prime timeko saio bilakatu ziren sasoian, adituz bete ziren telebisa platoak eta, horrekin batera, sare sozialak. Eta dena esatekotan, horien ahotsak zientzia ulertzeko modu dogmatiko eta bertikal bat erakustarazi dute askotan, baieztapen eztabaidaezinak mahaigaineratuz eta kritikarako zirrikiturik txikiena itxiz. Korporatibismo edo ofizialismo horrek ere ahalbidetu du, zeharka bada ere, zientziarekiko okerreko ikuspegiak ugaltzea. Nago, dibulgatzaile batzuek ez ote duten ebidentzia ideologiagatik ordezkatu; eta hori ere ez da zientzia. Horrez gain, neurri murriztaileak nahiz osasun-erabaki deiturikoak defendatzeko nahiak jarrera zientifikotik urrundu ditu zenbait ustezko aditu, komunitatearen adostasun oso eta eztabaidaezina irudikatzeraino, erabateko kontsentsua ezinezkoa dela ahaztuta. Kasuak kasu, Bretzen istorioa ekar diezaguke gogora, jarrera ustez zientifiko baten defentsa sutsua aho biko ezpata izan baitaiteke: ezin gaitezke arerioaren tranpa beretsuetan erori.
Gauzak horrela, pandemiak ezagutza zientifikoaren oinarrietan eta komunikazioan paradigma aldaketa moduko bat eragin duela dirudi. Dena den, Covid 19az ari bagara ere, baliteke bestela ere eztabaida berberak eztanda egin izana, egiarekiko indiferentzia eta zientziaren balio epistemikoekiko gutxiespena bestela ere agertuko liratekeen fenomenoak baitira, lehenago edo beranduago. Klima aldaketarekiko edota genero-indarkeriarekiko jarrera negazionistak egoteak dexente dio horri buruz. Egungo gizartean, beraz, informazioaren kaleidoskopioa inoiz baino koloretsuagoa den honetan eta lekukotzen biralizazioak hedabideetako lerroburu bihurtzen diren garaian (Arrieta eta Zubia, 2021), zientziaren esanahia bera da kolokan jarri eta, era berean, sendotu behar dena.
Comentarios
Publicar un comentario