Zientzia, ezagutza eta balioak
Ezagutza, zientzia, balioak eta epistemologia moduko hitz potoloak oztopo izan daitezke jarduera zientifikoaz eztabaidatzeko, baina, egiari zor, kontzeptuon esanahia ulertu eta modu egokian erabiltzea nahitaezkoa da zientziaren – edo zientzien- filosofiaz aritu nahi bada. Hain zuzen ere, horietaz dihardu Javier Echeverria filosofoak “Zientziaren pluralismo axiologikoa” artikuluan, zientziaren ikuskera anitz bat erakustarazi nahian, ezagutza eta jarduera zientifikoa uztartuko dituena. Horretarako, hainbat egileren ekarpenetatik egiten du ibilbidea: Locke, Hume, Leibniz, Weber, Merton, Popper, Kuhn eta Laudanek (besteak beste) esandakoak aztertuta, hasieran aipatutako kontzeptuek benetan zer adierazten duten uler dezakegu; edo horretan saiatuko gara hurrengo lerroetan, bederen.
Ezagutzari dagokionez, ezer baino lehen, ohartu behar dugu zerbait ezagutzeko askotariko moduak daudela eta, beraz, ezagutza bera ere hainbat motatakoa izan daitekeela; hala nola, praktikoa (zerbait egiten jakitea), proposiziozkoa (zerbait hala dela jakitea, zera hori egia edo gezurra den zehaztu gabe ere) edota zuzenekoa (zerbait antzemateak dakarren berarekiko jakintza; esaterako, zentzumenen bidez). Orokortasun horretan, adibide zehatza zeinahi delarik ere, zerbaiten gaineko ezagutza edo jakintza hiru baldintzaren arabera lortzen da: egia, sinesmena eta justifikazioa; hau da, uste den proposamena egiazkoa izateak, subjektuak hori sinesteak eta sinesmen hori epistemologikoki justifikatuta egoteak eragiten dute ezagutza edo jakintza. Dena den, kontuz: hirurak dira beharrezkoak, baina ez dira nahikoa. Gainera, esandakotik ondoriozta liteke gizakia dela ezagutzeko gaitasuna duen animalia bakarra, hiru baldintza horiek bete ditzakeen neurrian, eta gizakiak iturri ugaritatik lortu ohi du jakintza.
Beraz, ezagutza giza jarduera bat dela argi baldin badago, horrek eragin zuzena dauka ezagutza zientifikoa deritzogun horretan ere. Hain zuzen, aipatutako baldintzetatik hirugarrenean, justifikazioan, dago ezagutza zientifikoak duen esanahaiaren gakoa: egiazko uste batera iristeko bide justifikatua da zientziaren oinarria. Gauzak horrela, giza jarduera bat den heinean, arrazoiketa zientifikoa erabat baldintzatzen dute giza jarduera bat izateak dakartzan aukera nahiz arriskuek, eta aurretik emandakoa eraldatuz hobetzea da arrazoiketaren asmoa. Zientzia jakintza bihurtuko da ezagutza hori irakasten den neurrian, lehendabidizi, eta aplikatzen denean, ondoren. Zientziaren arlo guztietan premisa hori betetzen da, noski; aplikatuak deritzenetatik hasi eta gizarte-zientzietaraino.
Arrazoitutako edo justifikatutako ezagutza, hortaz, ezagutza zientifikoaren baliokidetzat jo dezakegu, baina zer da zehazki arrazoituta edo justifikatuta egotea? Ba al dago ondo edo gaizki arrazoitzeko modurik? Azken finean, sinesmen bat egia dela onartzeko jarraitzen den bide hori aztertzea izan da zientziaren filosofo ugariren urteetako lana eta azterketa horren fokuak eragin izan ditu eztabaida gehienak. Esan nahi da, arrazoiketa baten egokitasuna aztertzeko, ezaugarri jakin batzuk betetzen ote dituen galdetu beharko luke edozein zientzialarik, baina ez da hain erraza ezaugarri horiek zein izan behar diren (eta zergatik) adostea. Gainera, azterketa hori egitearen beste ondorioetako bat zera litzateke, Popperren arabera: eztabaida arrazionala eta pentsamendu kritikoa ezinbestekoak ditu ezagutza zientifikoak, baldin eta jakintza areagotu, hobetu eta egiara hurbilduko bada (egiara iristea ezinezkoa izango dela onartuta).
Ildo horretatik jarraituz, eta Kuhnek plazaratutako ideiei esker, teoria zientifiko on baten ezaugarriez hitz egiteari ekin ahalko genioke, kasik, egia ala gezurra den alde batera utzita. Kuhnek, gainera, arauen eta balioen arteko bereizketa interesgarria egin zuen: zientzialariek balio jakin batzuk dituzte jakintzak epaitzeko eta, beraz, teoria batzuk onartu eta beste batzuk errefusatzen dituzte balio horien arabera, ez arau edo lege zehatzak jarraituta. Beste era batera esanda, guk ezaugarriak zerrendatu ditzakegu (zehaztasuna, koherentzia, simpletasuna eta abar) baina, era berean, ezaugarri horietako bakoitza ulertzeko eta erabiltzeko moduan eragin zuzena daukate bestelako irizpide batzuek. Are gehiago, zerrenda inoiz ez da itxia izango eta ebaluatzerako orduan eragina izango du kasuan kasuko zientzialariak ezaugarri horiei esleitzen dien esanahiak, garrantziak edo dena delakoak. Hala, bete beharreko arau edo legeak bainoago, balioak dira ezaugarri horiek.
Azkenik, aitortutako balioak, hots, teoriarik hoberenak aukeratzerakoan kontutan hartzen diren ezaugarriak, bi motatakoak izan daitezke, gutxienez: balio epistemikoak eta ez-epistemikoak. Batzuei eta besteei eman zaien trataera ez da beti berdina izan eta, egun, oraindik eztabaidagai izaten jarraitzen du. Balio epistemikoez ari garenean, arrazoitzeko moduan jartzen da fokua: nolabait, ezagutzaren barne mailako baliagarritasuna da auzitan jartzen dena. Lortutako ezagutza baliagarria dela onartzeko alderdi kognoszitiboa lehenesten da, Laudanek zioen gisan: egia, koherentzia, simpletasuna edota aurreikuspenak egiteko gaitasuna moduko balioak dira teoria baten arrazoiketa ebaluatzeko aintzatetsi beharrekoak. Balio horiek jakintzara mugatzen dira, funtsean. Aldiz, badaude jarduera zientifikoan eragiten duten bestelako balioak ere: balio ez-epistemikoak dira, alegia, giza jardueraren berezkoak direnak eta ezagutza zientifikoa baldintzatzen dutenak. Giza jarduera bat izaki, ikerketa zientifikoa testuinguru jakin batean gertatzen da eta hor ere jakintzan eragina duten balioek parte hartzen dute: erregimen politikoak, garai historikoak edota zientzialarien beraien ezaugarriek, esaterako, derrigorrean ezaugarritzen dute lortutako ezagutzaren izaera, eta berdin hartu behar dira kontutan.
Ondorioz, argi dago ezagutza zientifikoa definitzea eta aztertzea hasiera batean uste dezakeguna baino langintza konplexuagoa dela. Ezagutza, orohar, uste baten egiazkotasuna eta justifikazioaren arteko harreman korapilatsuaren emaitza gisa baino ezin uler dezakegu. Zientziaren kasuan, jakintzaren arrazoiketan dago giltzarri nagusia eta hori aztertzeko kontuan hartu behar dira zenbait irizpide. Haatik, irizpide horiek ez dira sekula izate objektiboak izango eta balio izaera izango dute: denak ala denak, balio epistemikoak zein ez-epistemikoak, kontuan hartu behar dira zientziaren ikuspegi oso bat izatea nahi baldin badugu. Ikuspegi murriztaile edo puristak alde batera utzita, balioen aniztasuna eta elkarreragiletza aintzat hartuta baino ez dugu zientzia ezagutuko; alegia, zer den eta zer izan beharko litzatekeen jakingo.
Comentarios
Publicar un comentario