Zientziaren okerreko adierak

Zientziak, izatekotan, zerbait ona izan behar luke. Baina ez da beti horrela izan, ezta izango ere. Giza jarduera bat izateak berak bertute adina muga ezartzen dizkio eta berarekiko jarrerak askotarikoak dira, gainera. Batetik, badira zientziaren lorpenak ikusteko gai ez direnak edota nahi ez dutenak; are, zinismoa dei dakioke gutxiesteko joera horri. Bestetik, zientziarekiko gehiegizko gorazarrea egiteko joera ere egon badago, bere akatsak, mugak zein arriskuak ikusteko gai edo nahi ez izatearen ondorioz: zientismoa deritzo horri. Hain zuzen ere, azken horretaz dihardu Susan Haackek bere testuan (2010) eta sei adierazpenetan multzokatzen ditu zientismotzat jo daitezkeen egungo portaera edo iritziak.


Garaiotan, aise aurki daitezke Haackek deskribatzen dituen jokabideen adibideak. Batez ere – eta nonbaitetik hastearren-, nabarmentzekoa da zientifikoa den orori esleitzen zaion balioa. “Zientzialariek gomendatutako” elikagaiak saltzen dizkigute iragarkiek, terminologia zientifikoak etxepeko supermerkatuko produktuen etiketak bete ditu eta “zientifikoki frogatutako” emaitzak dituen edozein gauza ona dela irentsi dugu barru-barruraino. Zientziarekin lotutako edozerk du ohorezko postua eta hori gizartearen alor guztietara hedatu da. Horren adierazle da, esaterako, guztia objektibizatu eta zientifikoa vs ez-zientifikoa dikotomiaren arabera katalogatzeko nagusitzen ari den joera: estatistikek – eta zenbakiek, orohar- erabaki politikoak justifikatzeko balio dute edota gai gara arrazoi ustez zientifikoak aurkitzeko edozeri. Ez da harritzekoa, beraz, hiltzaileen portaeran kausa genetikoak bilatu nahi izatea, ezta generoari buruzko eztabaidetan arrazoi biologikoen defentsara jotzea ere, halako eztabaiden (eta bestelako batzuen) funtsean eraikuntza sozialak duen garrantzia aintzat hartu gabe. Aipatutakoak gutxi balira, pandemiaren eta larrialdi klimatikoaren testuinguruan, areagotu egin da zientziaren okerreko adiera; ikerketa zientifikoak lerroburu bilakatu diren garaian bizi gara, gutxieneko iragazkirik edo azterketarik gabe.


Haackek azaldutako adierazleetako batzuen adibideak baino ez dira horiek. Azken finean, zientismoa – zientziarekiko gehiegizko begirunea- kritikatzeko darabiltzan sei ezaugarriak dira zinez interesgarriak. Esate baterako, iradokitakoez gain, zientzia ez beste jardueren zilegitasuna zalantzan jartzea uste baino gehiagotan ikusten da. Hezkuntzatik bertatik hasita, haurren eta nerabeen ikasketetan balio ukaezina ematen zaie konpetentzia zientifikoei, beste gaitasun batzuk – artistikoa, kasu- bigarren plano batean jarrita. Behin batxilergora iritsita, badirudi bere hautua arrazoitu egin behar duela zientzien alorretik ez joatea erabakizen duenak, baldin eta ez bada jakintza horiek “ondo ematen ez zaizkiolako”. Halako usteek, zeharka edo nahi gabe, garrantzia kentzen diete, gutxienez, ezagutza zientifikoa bezain beharrekoak diren beste ezagutza batzuei. Ikuspuntu hori erraietaraino sartuta dugu, gainera.


Horrez aparte, badirudi zientzia zer den eta zer ez den bereizteko premia biziagotu zaiela, modu batean ala bestean, zientziaren inguruan lan egiten dutenei; eta, batzuetan, mugaketa horren desira bera ere bada zientismoaren ezaugarrietako bat. Izan ere, ideia negazionista edo pseudo-zientifikoen aurrean, fokua zientziarekiko banaketan jarri ohi dugu sarritan: “ez da zientifikoa, beraz, ez da egia edo ez zaio kasurik egin behar”. Gutxiespen horrek kontrako jarrerak hasupotzen ditu, ordea. Akaso, uste zientifikoen aurkako ideiak borrokatzeko estrategia hobea litzateke ideia horien oinarriak zalantzan jartzen saiatzea eta, “label zientifikoa” ipintzen ibili ordez, oker dauden arrazoietan arreta jartzea, zer dagoen gaizki adieraziz eta norberaren arrazoien defentsa norbere kontrako argudio bihurtu gabe. Modu horretan, gainera, jarduera zientifikoaren ziurgabetasuna aitortzeak eta fokua arrazoiketara bideratzeak lagun baitezake frogaketaren zama behingoz eszeptikoen bizkar uzteko (McIntyre, 2020).


Alabaina, Haacken zientismoaren markek zenbait ñabardura izan ditzakete. Aurrez esan bezala, zientziaren eskura ez dauden galderen erantzunak zientzian bilatzeko joera da egungo gizartearen ezaugarrietako bat, baina hori argudiatzeko egileak darabilen arrazoiketa arriskutsua ere izan daiteke; zehazki, ikerketa zientifikoa politikoki neutrala dela dionean (30.orr.). Argudio horrek aditzera eman dezake balio ez-epistemikoekiko gutxiespena; esan nahi da, medikuntzak abortua moralki onargarria den ala ez ziurtatzeko balio ez badu ere – Haacken beraren adibide bat aipatzearren- , zientziak gaia jorratzen duen modua ez da inpartziala eta ezagutzak izaera politikoa ere badu, besteren artean. Bestela esanda, uste etiko edo politikoen eta zientifikoen arteko bereziketarekin ados egonda ere, horrek ezin gaitzake zientziaren ustezko neutraltasuna aldarrikatzera eraman. Dena den, ez dirudi filosofoak horraino iristeko asmoa duenik, ondoren, zientziak beharrezkoak bai baina nahikoa ez direla esanda biribiltzen baitu aipaturiko ezaugarriaren azalpena.


Aldiz, eta bukatzeko, kontrakotasun handiagoa eragin dezake testuaren azken-aurreko orrialdean zientzia modernoaren karietara dioenak: zientzia arrazista edota sexista dela kexatzea “ideia inozoa” dela deritzo; hau da, zientzia ez dela gizon zurien kontua, gizakiona baizik. Egia da askotariko zibilizazioen ezagutzek parte hartu zutela egun zientzia modernoa deritzogun horren eraikuntzan eta arraza nahiz genero guztietako zientzialari trebatuak daudela, baina, kontuz: zientzia modernoaren sorrera testuinguru sozial eta historiko jakin batean baino ezin daiteke ulertu, egungo zientziak gizarte jakin honen baitan ulertu eta epaitu behar diren bezala; eta, biek ala biek, mendebaldeko gizon zurien sinadura daramate, gehien bat. Ezagutza zientikoaren nolakotasuna erabat baldintzatzen dute zientzia egin duten horien ezaugarriek, baita ezagutza sostengatzen duen sistemaren ezaugarriek ere; beraz, zientziak nagusiki boteredunena izaten jarraitzen du. Eta hori onartzeak ere, dudarik gabe, mesede baizik ez diezaioke egin zientziaren adiera egoki eta oso bati.


Comentarios

Entradas populares de este blog

Las piedras jade: fragmentos de una historia completa

¿Cosmos es posible?

UNA FORMA SENCILLA DE DESCIFRAR EL CÓDIGO GENÉTICO