GENERO IKUSPEGIAREN ERAGINA EZAGUTZA ZIENTIFIKOAN

 

Balio ez epistemikoek jarduera zientifikoan eta ezagutzaren eraikuntzan duten eraginaz hitz egiterakoan, abstrakzioan edo ariketa teoriko hutsetan gelditzeko arriskua izan dezakegu. Haatik, badira konkretura jo eta problematika zehatzetan arreta jartzeko aski motibo eta eredu; generoaren afera da horietariko bat. Genero-ikuspegia txertatuta dago gizartearen hainbat arlotan eta askoren egunerokoan, baina merezi du zientzian horrek duen esanguraz – eta esanahiaz beraz- hasunartzea. Horretarako, beharrezkoa da berdintasun edo parekidetasun terminoetan soilik hitz egitea saihestu eta begirada zabaltzea.


Analisirik oinarrizkoenean, gauza jakina da historikoki emakumeek jasandako bazterkeria hori ezagutza zientifikoen arloan ere gertatu dela. Emakumearen ahotsari eta gorputzari ez zaio erdigunean egotea onartu izan, Mary Beard historialari eta dibulgatzaileak argi erakusten duen moduan. Aintzinatik gaur egunera, aro klasikoan zein birsorkunde garaian, zerrenda luzea egin daiteke jendaurreko jarduerak gizonentzat gordeta egon direla ikusteko. Diskurtso publikoa, ezagutzaren sinbolotzat har dezakeguna, sistematikoki mugatu zaio gizartearen zati bati eta hitz egiteko aukera eman zaionetan ere, ez zaio benetan entzun. Oraindik, asko aurreratu bada ere, nahikoa da jendaurreko plaza berriei erreparatzea desberdinkeria antzemateko; sare sozialak, esaterako. Azken baten, kontua ez baita lekua egitea edo hitz egiten uztea, hitz horiei ematen zaien balioa baizik. Eta horretan, “autoritatearen ahotsak” lehengo soinu bera izaten jarraitzen du.


Izan ere, ezagutza zientifikoa zuzenean dago lotuta diskurtsoarekin eta autoritatearekin, ideiak jendearekin elkarbanatzearekin eta horiek onartuak izatearekin. Hari horri tiraka, Miranda Fricker filosofoak injustizia epistemikoaren kontzeptua mahaigaineratzeko ahalegina egin du: emakumeen lekukotzei ez zaie sinesgarritasunik aitortzen, ez gizonei bezainbeste, bederen. Horrek, ezagutzarako bidea ukatzen diete emakume askori edo, kasurik onenean, zaildu egiten diete haien ahotsa – ideiak, ezagutzak- kontuan hartua izateko aukera. Hori hala izanik, norbanakoari edo giza-talde jakin bati egiten zaio bidegabekeriaz gain, gizarte osoari eta ezagutzari berari ezartzen zaio muga, jakintza osoa lortzea oztopatzen baita. Argiago esateko, etikoki onargarria eta sozialki justua ez izateaz harago, emakumeen ahotsarekiko gutxiespenak ezagutzaren erdigunea kolpatzen du, haien lekukotzak zalantzan jartzen diren unetik beretik. Are gehiago, jarduera zientifikoan sarritan ahaztu egiten baditugu ere, testigantzek garrantzitsuak izaten jarraitzen dute ezagupen zientifikoak ezartzeko eta zabaltzeko; bereziki, sare sozialen garaiotan, inoiz baino lekukotza gehiago ditugunean eskura.


Orain arte azaldutakoa egungo ikuspegirik onartuena izan daiteke, akaso, baina injustizia epistemikoaren hariak zientziaren erraiteraino doazela esan berri dugu. Era berean, generoak - eta balio ez epistemikoek, orohar- jarduera zientifikoaren zein ataletan eragiten duen eztabaidatzea korapilatasuagoa izan daiteke. Zer ikertu den, zertarako edo zergatik, generoak galdera horiek zeharkatzen dituela irakatsi digu ikuspegi feministak. Ezagutza zientifikoaren aplikazioan ere erraza da adibideak aurkitzea. Baina zer gertatzen da ezagutzaren eraikuntzaren beste urrats batzuetan, datu-bilketan edo metodologian, kasu? Primatologian 70. hamarkadaz geroztik gertatutakoa da horren isla: emakume zientzialariei esker behaketa metodoak zuzendu ziren, animali-taldeetan arren nagusitasunaren mitoa zalantzan jarriz. Beraz, joera androzentristen erruz, beste behin, ez dira soilik emakumeen lanak alboratzen, baizik eta objektibitatearen helburua bera da galtzaileetako bat. Badirudi, gainera, antzeko kasuek bistaratzen jarraituko dutela, genero-analisirako tresnak areagotu ahala. Berriki, Biology of Sex Differences aldizkarian argitaratutako lan baten ondorioek ezeztatu egin dute tximinoek jostailuak aukeratzean sexuen araberako hautua egiten dutenaren ustea, aurreko zenbait ikerketa “baldintzatuk” esandakoaren aurka. Bide batez, pentsa genezake azterlan horien atzean gizakien zein portaera arrazoitzeko asmoa egon daitekeen…




Honek guztiak, era berean, emakumezkoen zientzia bat ote dagoen galdetzera baldin bagaramatza, erantzuna ez da erraza. Baiezko erantzunak arriskua izan dezake saihestu nahi diren usteak elikatzeko; hau da, emakumeei dagozkien ezaugarri batzuk badaudela iradoki dezake, haien araberako zientzia egiteko modu bat dagoela baieztatzeak. Esan nahi da, emakumeak behatzaile hobeak direla esateak berak rol jakin bat esleitzea dakar berarekin, genero-bereizketa areagotu dezakeena. Kontrara, argiago egon daiteke genero ikuspegidun zientzia egon badagoela: jarduera zientifikoa (gizarteko beste edozein jarduera bezala) baldintzatuta dago generoak eragindako bereizkeriagatik eta sistemak berak dituen joerengatik. Lagundutako ugalketaren inguruan eraikitako diskurtsoa esanguratsua da zentzu horretan: Sara Lafuente ikerlariak ARGIA Aldizkariko elkarrizketa batean dioen gisan (Artetxe, 2021), “espermatozoidea heroi” eta “obulua pasibo” erakusten duen errelatoa da zabaldu izan dena, nahiz eta emearen gametoa den arrarena kimikoki erakarri eta xurgatzen duena. Adibide zehatz horrek balio diezaguke gaiaren irismenaz ohartzeko.


Funtsean, beraz, azpiratutako kolektiboak kontuan ez hartzea bada zientzian ere gertatu den eta ari den zerbait. Genero bereizkeriaz gain, arrazializatuek edota klase sozial jakin batzuetako pertsonek duten lekuaz jabetzea besterik ez dago horretarako. Historikoki baztertuak izan diren kolektiboen ahotsa aintzat hartzeak, haiekiko zor historikoa – eta etikoa eta soziala- kitatzeaz harago, ezagutza zientifikoa aberasteko balio dezake, objektibitatera garamatzan bidea errealagoa eta osotuagoa izan dadin.

Comentarios

Entradas populares de este blog

Las piedras jade: fragmentos de una historia completa

¿Cosmos es posible?

ENTREVISTA FICTICIA A IRÉNE JOLIOT-CURIE (1897-1956)