Naturaren amaiera (Latourren arabera)
“Ekologia (…) ez da naturaren ustekabeko agerpena espazio publikoan, naturaren amaiera bera baizik”. Bruno Latour filosofo frantziarraren hitz horiek (Latour, 2019) hausnarketa soka luzea dakarte atzetik, korapilo zaharrak askatu eta berriak osatzera garamatzana, ezinbestean. “Cara a cara con el planeta: una nueva mirada sobre el cambio climático alejada de las posiciones apocalípticas” liburuko zenbait pasartetan dioena aintzat hartuta, esaldiaren esanahaia aztertzen saiatuko gara ondoko lerroetan.
Izan ere, Latourren hitzetan, Natura eta Kulturaren arteko banaketa zaharrak zentzua izateari utzi dio Antropozenoaren garaian eta adiera horrek utzi digun mundua – mendebaldeko hiritarroi, bederen- ez da bizitzeko moduko tokia. Horrela, naturaz hitz egiten denean, adiera jakin bat ematen zaio; tranpatia, sinplifikatua, moralizatzailea eta polemikoa dena. Izan ere, badirudi egungo krisi ekologikoak bistaratzen digula “gizakia naturaren menpe” dagoela edota “gizakia naturara itzultzea” eragingo duela, baina izate biak elkarrengandik bereizten jarraitzeko modu bat gehiago da hori: kategoria kodifikatutzat hartzean, ez gara ohartzen biak ala biak direla txanpon beraren aldeak eta, beraz, bereiztezinak, izatez. Gauzak horrela, Mendebaldeko gizartean nagusitu den joera baten erakusgarri da munduaren ikuskera hori eta, hain zuzen ere, mundu naturalaren kontzeptu tradizionala bera da aldatuko litzatekeena. Hala, munduaren adiera berriak naturala eta gizatiarra uztartuko lituzke, askotariko izatedunez osatutako errealitate bat osatuz.
Ildo horretan, egilearen ustez, ezinezkoa da “naturarekin armonian” bizitzera iristea, mundua gertakari zerrenda luze eta etengabe baten ondorioa den heinean, hau da, historiaren beraren ondoriozko prozesua den unetik. Eta, beraz, ezin da “naturaz” ere hitz egin; ez, behintzat, lehengo esanahiarekin. Esan nahi da, gizakiaren kanpoko mundua izendatzerik ez dago jada edo, bestela, barneratu egin dugu mundua: ez dago kanporik eta barrurik, ez eta Natura eta Gizakia banatzerik ere; bukatu da natura izate bizigabe, orokor, unibertsal, eztabaidaezin eta sistematikotzat hartzeko garaia. Labur esanda: bataren patua ezin da bestearengandik aparte ulertu. Horrenbestez, aro postnatural eta postgizatiarrean aurkitzen gara, nahitaez: gizakia eta natura axolarik gabeko kontzeptu bilakatu dira, postegiaren garaian egiarekin gertatzen den gisara.
Beraz, azaldutakoari jarraiki, natura eta gizakiaren berradiskidetzerik ezin da espero, oreka harmoniatsurik lortzerik ez dagoen bezala. Bitartean, arazo ekologikoei sorgor egiten diegu eta kalteaz jabetu arren, aurrera jarraitzen dugu, kaltea eragiten duen jarrera aldatzeko imintziorik txikiena egin gabe – eta horri kalteaz jabetzea deitu ote dakioke, benetan?-. Gainera, Latourren aburuz, ez dago gizateria edo gizarterik agente politiko gisa jardungo duenik. Hala, subjekturik gabeko mundu honetan, askotariko izatedun eta kolektibitateen existentzian, ingurugiroaz ari gara ingurugiroak izateari utzi dion garaian. Horra hor naturaren amaieraren paradoxa.
Comentarios
Publicar un comentario