Berrikuntza eta haustura: non gaude eta nora goaz?

Azken mendeak garapenaren, eboluzioaren eta hazkundearen arotzat hartu ondoren, XXI. Mende hau berrikuntzarena dela esan ohi da: iraganarekiko – are, orainaldiarekiko berarekiko ere- haustura eta etorkizunarekiko etengabeko begirada duen gizartean, aldi berean, zaila da etorkizun posibleak antzematea. Garapen teknologikoaren gidaritzapean, mundua hobetzen doala nekez esan dezakegu baina, bederen, gure gailuak gero eta berriagoak dira (Lepore, 2014). Beraz, ba al du zentzurik garapenaz hitz egiten jarraitzeak? Eraldaketa eta eraberritzea al dira mundua ardazten duen kontzeptu berriak? Nora garamatzate ekintza edo ideia apurtzaile gero eta ugariagoek?


Larrialdi klimatikoaren garaiotan garapen jasangarriaren mantrak goia jo duela badirudi, antzekoa esan daiteke garapen linealaren kasuan; dagoeneko, ezinezkoa da aurrerapenak bizi baldintzen hobekuntzekin lotzea kontraesanetan erori gabe. Ildo horretan, berrikuntza da gaur egungo modako hitza, era berean berrikuntzatzat har daitekeen kontzeptua, gainera (Echeverria, 2017). Hain zuzen ere, berrikuntzaren atzean, munduaren – gizartearen, ezagutzaren, zientziaren- ikuskera jakin bat ezkutatzen da, sarritan: zerbait berria izateak ez du beti berritzailea dela esan nahi eta berrikuntzaren arteaz aritzekotan, askotariko definizioak eta adierak dituela onartu behar dugu. Ikuspegi plural horri esker, berrikuntza merkatuen eta enpresen logikatik kanpo uler dezakegu, eta subjektu berritzaileaz gain, hartzaileek duten garrantziaz jabetu. Funtsean, berrikuntzaren prozesuak ez dira unidimentsionalak: nola sorkuntzak, hala hedapenak eta onarpenak baldintzatzen dute bere izaera eraldatzailea eta, beraz, balizko arrakasta edo porrota.


Dena den, egungo gizarte hipermodernoan, non ezegonkortasunak eta iragankortasunak agintzen baituten, ez ote dira gauzak onartu orduko iraungitzen (Martinez, 2021)? Aparatu elektronikoak, arropak, albisteak, hizkera… dena da berria eta apurtzailea; I+D+I hizkien espiral bihurrituan biraka bizi gara, zaharkituta gelditzeko beldurrez, etengabeko formakuntza beharraren menpe. Esparru horretan bertan ere, nabarmentzekoa da hezkuntza eredu ez-presentziala izaten ari den arrakasta: unibertsitate arruntaren amaieraren iragarle ote dira? Asko dira gizartearen ustezko beharrei erantzuteko bultzatutako aldaketek sortzen dituzten galderak; hala ere, benetan berrikuntzak zer diren ebazteko, zenbateraino eta norentzat berritzaile diren galdetu behar genuke lehenbizi. Teknologia digitalek behin hezkuntza arautuaren ikasgela guztietara barreiatu direnean, esanguratsua da klase aberatseneko familiak – Silicon Valleyko enpresariak barne- haien seme-alabak pantailarik gabeko eremuetan oinarritutako ikastetxeetara bidaltzen ibiltzea (Martinez, 2021).


Berrikuntzen irismena, arrakasta edota porrota, beraz, ez du haien izaera berritzaileak bakarrik baldintzatzen. Gizartearen antolamenduak, nagusi diren balioek eta sistema ekonomikoak, batzuk aipatzearren, eragina dute ekimen berritzaileen ondorio zein albo-kalteetan. Zientziaren eta teknologiaren arrazoiketaren parean, bestelako indar batzuek ere parte hartzen dute. Eta testuiguru horretan, gerta litekeenaren inguruan baieztapenik egitea ezinezkoa denean, aurreikuspenak egiteak ez dirudi zentzu handiegirik duenik; ez behintzat praktika jakin batzuen amaiera iragartzeko modukoak (unibertsitate presentzialean, esaterako). Akaso, iragarpenak egiteko joera hori bera, zientziaren balio tradizionalenetako bat izan dena, etengabe ezbaian jartzea da gure kulturaren beste ezaugarrietako bat. Aurrerapenak eta garapenak itsutu bagaitzake ere, berrikuntzaren kulturak ez gaitzala eraman berria den oro norabide jakin baterako aurrerapauso gisa hartzera. Edo, gutxienez, saia gaitezen praktika berritzaileak ertz guztietatik aztertzen eta ulertzen.


ITURRIAK:


Echeverría, J. (2017). El arte de innovar. Naturalezas, lenguajes, sociedades. Colección Moral, Ciencia y Sociedad en la Europa del siglo XXI. Plaza y Valdés Editores. Prólogo, pp 13-45.


Lepore, J. (2014). The Disruption Machine. What the gospel of innovation gets wrong. The New Yorker. Recuperado de https://www.newyorker.com/magazine/2014/06/23/the-disruption-machine


Martinez Peña, I. (2022). Mandamentu Hipermodernoak. Egungo inertziak zalantzan jartzen. Elkar. Eztabaida bilduma.

Comentarios

Entradas populares de este blog

Las piedras jade: fragmentos de una historia completa

¿Cosmos es posible?

ENTREVISTA FICTICIA A IRÉNE JOLIOT-CURIE (1897-1956)