Denboraren errebeldeak

 Gure arbasoengandik gauza izugarri onak jaso ditugu oinordetzan, baina baita gauza izugarri suntsitzaileak eta bidegabeak ere (Krznaric, 2020). Beraz, bistakoa da ondorengo belaunaldiek ere bietatik jasoko dutela gugandik. Kontua da, utziko diegun horren kontzientziarik izan nahi ote dugun edo gai ote garen horretarako, bat-batekotasunaren eta norabiderik gabeko berrikuntzaren gizarte honetan. Orainaldira iltzatuta bizi bagara ere, era berean, etorkizuna kolonizatu dugu; hori bai, ez dugu eragiten ari gatzaizkion kalte ekologiko eta teknologikoen erantzule egin nahi, gu ez baikara, oraingoz, etorkizun hori habitatzen dutenak – ustiatu besterik ez dugu egiten-.


Ez hori bakarrik, etorkizuna gure bailitzan bizi eta tratatzen dugu, benetan bera biziko dutenen baldintzei ez-ikusia egitearekin batera. Epe laburreko begiradak itsutzen gaitu, nahiz eta gure ekintzekkin eta ideiekin epe luzerako arrastoak uzten ari garen. Erantzukizun horri ihes egitearen ondorio izan daiteke, again, errua ez dela gurea – nirea esan nahi da, guaren aurrean nia lehenestea baita egungo gizartearen beste ezaugarrietako bat- eta arrazoia izan dezakegu horretan, nerri batean, bederen. Lau urtean behingo ziklo elektoralek politikariak unean uneko erabakietaz arduratzera daramatzate, korporazio handiek sistema politikoa baliatzen dute haien etekinak orain eta hemen areagotzeko, edota demokrazia ordezkatzaileak berak ez du kontuan hartzen etorkizuneko jendearen iritzia (Krznaric, 2019).


Argi dago, beraz, zein galdera eratortzen den hortik: posible al da epe luzerako pentsamendua garatzea demokraziaren baitan? Egia da, galderak ez du erantzun lasaigarririk aurreikusten. Dena den, balio demokratikoen egungo markoak ere ez du benetan berataz uste duguna ordezkatzen, akaso: erakunde transnazionalak, enpresa multinazionalak, industria teknologikoen aurrerapenak, baliabide publikoen pribatizazio sistematikoa, adimen artifizialaren eta mundu birtualaren hedapena… mendebaldeko gizarte aurreratuetan, baliteke arazoa demokraziaren izendapenean bertan egotea, diktadura baten – edo hainbat diktaduren- menpe bizi garela esatea gehiegi aurreratzea izan badaiteke ere. Hain zuzen ere, aurreratuak garelakoan, aurrean duguna ikusteko ezintasuna da nagusi. Orduan, zer egin arbaso onak izateko? Badira, han eta hemen, datozen belaunaldiei hitza emateko proposamenak: Japoniako “Future Design” egitasmoa edota hainbat estatutan sortzen diren “Etorkizunerako Sailak” zein praktika onen gidak, esaterako. Hain urrutira joan gabe, gurean ere baditugu orainaz haratagoko politikak hauspotzeko programak, Agenda 2030 ezaguna, kasu.


Baina, ezinezkoa da epe-luzerako egitasmo horien atzean egon daitezkeen interesei ez erreparatzea. Ezingo dira denak zaku berean sartu, noski; izango dira benetan asmo onez eta ikuspuntu zientifiko – eta etiko, politiko, moral...- egokiz sortu direnak, seguru. Hala ere, askotan, irtenbidea digitalizazioaren eta garapen teknologikoaren bidetik etorriko dela ondorioztatzera bagaramatzate, zein da sorgi-gurpil horretatik irteteko bidea? Aldiz, kontrakoa norabidean tematzeak ere ez du errealitateaz ohartzeko biderik ematen: zientzia eta teknologia ez dira gure munduaren gaitzen errudunak, behintzat, ez gizateriaren historia osoan zehar izan direna baino errudunago. Are, zientzia ez politizatzea edota politika zientziarekin ez kutsatzea eskatzen duten ahotsak datoz hortik, beste behin, gatazka gizakion balioen eta teknozientziaren jakintzaren arteko etengabeko talkan balego bezala. Subjektua eta objektuaren, Naturaren eta Kulturaren/politikaren arteko iraganeko guda, finean (Txapartegi, 2022).


Berriki irakurri diot Sustrai Colina bertsolariari – hauteskundeen harira Berrian argitaratutako “Ez nahastu” artikuluan- nola ingurumena, hala eguraldia (besteak beste) politikarekin ez nahasteko aholkatzen digutela, lehorteengatik kezkatu eta lorategiak ureztatzen jarraitzen dugun bitartean, esaterako; energia berriztagarrien sukarraren erdian eolikoen lizentziak lau haizetara zabaldu eta horren kontraesanez hitz egiteko aukera oro ixten dugu, artean. Hauteskundeak eta politika nahasteari uzten diogunean hasiko al gara etorkizunaz hitz egiten? Badirudi denbora dela egungo borroka esparru nagusia; denborak erakutsiko digu hori.


ERRERENTZIAK:


Krznaric, R. (2019). Why we need to reinvent democracy for the long-term. BBC Future (web orrialdea). Iturria: https://www.bbc.com/future/article/20190318-can-we-reinvent-democracy-for-the-long-term


Krznaric, R. (2020). Cómo ser un buen ancestro. TED. Iturria: https://www.ted.com/talks/roman_krznaric_how_to_be_a_good_ancestor/transcript?language=es


Txapartegi, E. (2022). Bruno Latour, agurrean: “Zergatik ez dugu ekiten gerran bagaude?”. Naiz Egunkaria. Iturria: https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20221021/bruno-latourren-agurreko-galdera-zergatik-ez-dugu-ekiten-gerran-bagaude

Comentarios

Entradas populares de este blog

Las piedras jade: fragmentos de una historia completa

¿Cosmos es posible?

ENTREVISTA FICTICIA A IRÉNE JOLIOT-CURIE (1897-1956)