Zientzia ala basakeria?

Lehen baino hobeto bizi ginela esatetik, gure aurrekoak baino okerrago biziko garen lehen belaunaldia izango garela esatera igaro gara. Krisi hitzari edozein adjektibo gehitu eta egungo arazoetako bat izendatzeko balioko luke. Iraganaren eta orainaldiaren arteko konparaketa horretan, baina, etorkizunari begira bizi gara etengabe eta bi eratako ikuspegiak aurki genitzazke inguruan: batetik, apokalipsiaren etorrera eta zibilizazioaren – edo munduaren, zergatik ez- amaiera saihestezina iragartzen dutenak; bestetik, zientziaren – edo gizakiaren- uste onean fedea izan nahi eta konponbidearen apologia sutsua egiten dutenak. Gezurra badirudi ere, batak ala besteak ondorio berberera eraman zaitzakete: arazoaren aurrean eskurik hartu ez eta eskuak gurutzatuta gelditzera.


Egia esan, guztia mundu mailako arazoa den garaian, ez da erraza norbere arduraz jabetzea. Eskuartean ditugun arazoen magnitudeak berak, krisi klimatikoak edo biodibertsitatearen desarpenak kasu, ez die herritarrei ekintzarako bide askorik ematen. Mundua salbatzeak gauza asko esan ditzake praktikan, baina erronka handiegia irudi dakiguke norbanakooi; are, krisiak bata bestearen atzetik datozela ikusita eta zenbait gatazka urteetan konpondu ez direla jakinda, normala da soluziorik ez dagoela pentsatzea (Marris, 2021). Horren aurrean, irtenbidearen giltza zientziaren eta teknologiaren aurrerapenei emana die zenbaitek, nahiz eta horiek berak izan diren, hein batean, egoera honetara ekarri gaituztenak. Hala ere, galdegin beharko genuke ez ote den zientzia egiteko modu jakin bat izan hori egin duena; alegia, berrikuntza etengabeak eta muturreko hobekuntza nahiek ardaztutako zientzia. Instituzio zientifiko jakin batzuk, enpresa jakin batzuekin harremana dutenak eta interes jakin batzuen mesederako praktikak bultzatu dituztenak dira, akaso, teknozientziarenganako fedea hauspotu dutenak. Izan ere, tabako industriaren kanpainetan gertatu zenak (Oreskes eta Conway, 2010) argi erakusten du ideologia politikoek eta interes ekonomikoek zenbat baldintzatu dezaketen zientziaren jarduna – eta ondorioz, herritarren usteak eta jarrerak-.


Bistan da, beraz, zientziaren eta teknologiaren funtzioa beti ez dela zertan bizi-baldintzak hobetzea izan. Konponbidean sinestea berez txarra ez den arren, gehiegizko sinesmenak zientziaren okerreko adiera izatera eraman gaitzake; edo, bederen, zientzian parte hartzen duten balio batzuetaz ahaztera. Konponbide goseak utopia batekin asetzera behartzen gaitu eta, ez hori bakarrik, garapen jasangarriaren kontzeptua bera oximoron bat bihurtu da dagoeneko. Baina, zein da horri guztiari aurre egiteko jarrera egokia? Nola pentsatu etorkizunean, horretarako tresnak direnean bertara baldintza bizigarrietan iristea oztopatzen digutenak? Praktika espezifiko eta lorgarriei ekitearen aldeko apustua izan daiteke aukeretako bat; trantsiziorako (jarri honi ere krisi hitzari bezainbeste adjektibo) aldarria egitea, beste bat. Argi dagoena da erronka zientifiko eta teknologikoak erronka politikoak eta sozialak ere badirela; beraz, posible da politikoki, gizarte mailan zein norbanako gisa eragitea.


Bestela, hasieran aipatutako bi ikuspegien (apokalipsia edo soluzionismoa) tarteko bidean eroso aurki gaitezke; axolagabekeria eta hau ez doa nirekin leloa uztartuta, aldartearen arabera. Edota eguraldiaren iragarpenak beti ez duela asmatzen pentsatzen lasai bizi gintezke, datozen asteetarako aurreikuspen guztiek ekaitza egingo duela dioskutenean. Zilegi da, ados, baina horiek ere hautu politiko bat, mundu ikuskera bat eta zientziarekiko posizio bat dakarte beraiekin.


ERREFERENTZIAK:

Oreskes, N., Conway, E. (2010). Mercaderes de la duda. Cómo un puñado de científicos ocultaron la verdad sobre el calentamiento global. Capitan Swings. 

Garcés, M. (2017). Nueva ilustración radical. Nuevos Cuadernos Anagrama.

Marris, E. (2021). Inevitable Planetary Doom Has Been Exaggerated. The Atlantic. Iturria: https://www.theatlantic.com/science/archive/2021/02/other-side-catastrophe/617865/ 

Comentarios

Entradas populares de este blog

Las piedras jade: fragmentos de una historia completa

¿Cosmos es posible?

ENTREVISTA FICTICIA A IRÉNE JOLIOT-CURIE (1897-1956)